Dendrimeroak, eguzki-panelen osagai berriak

Merkatuan aurki ditzakegun eguzki-panelek bi arazo nagusi dituzte: garestiak dira eta eraginkortasun txikia dute. Bigarren arazoa konpontzeko ahaleginetan, dendrimeroak erabili dituzte Lausanako Teknologia Institutuan.

Dendrimeroak adarkatzen diren polimeroak dira. Asko adarkatzean esfera-forma hartzen dute eta eguzki-panelen molekula tindatzaileak ezartzeko leku aproposa direla diote zientzialariek.

Tindatzaileak eguzki-argia xurgatzeko erabiltzen dira paneletan. Argia xurgatzerakoan, tindatzailearen elektroiak kitzikatu egiten dira eta, elektrodoetara mugituz, argindarra lortzen da. Beraz, zenbat eta elektroi gehiago kitzikatu, orduan eta argindar gehiago lortuko da.

Polimero horien forma esferikoak asko emendatzen du tindatzaileak ezar daitezkeen azalera. Beraz, denbora berean xurgatzen den argi-kantitatea askoz handiagoa da eta panelen eraginkortasuna bikoiztu egiten da.

Hala ere, dendrimeroen sintesi-prozesua oso konplexua da eta molekula garestiak dira. Espero da dendrimeroekin egindako ikerketak beste material merkeagoetan aplikatzeko balio izatea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila