Bilbon, adibidez, otsailaren 14an hitzaldi-ziklo bat izango da, Bidebarrieta liburutegian. Homo generoaren eboluzioaz arituko da Atapuercako zuzendari José María Bermúdez de Castro paleoantropologoa eta Darwinen ideiek orduko euskal intelektualen artean izan zuen harreraz arituko da Kepa Altonaga EHUko biologo eta idazlea.
Darwin geurean saiakeran jaso zituen Altonagak eboluzioaren ideiek eta darwinismoak Euskal Herrian izandako harrera; harrera hotz eta “sarrera nekosoa”, Altonagaren arabera.
Plazido Muxikaren hiztegiak evolucionismo sarrerari emandako ordaina “eboluzionismoak Euskal Herrian eduki izan duen sarrera nekosoaren ikur bilakatu da nire begietarako”, dio Altonagak, Elhuyar aldizkarirako idatzitako artikulu batean. 1965ekoa da hiztegia, eta darbinkeri eman zuten evolucionismoren ordain gisa. Aurkikuntza hark kao utzi zuela aitortzen du Altonagak, basaltotuta: “Ez dira euskarari buruzko ezagumendu sakonak behar, -keria atzizki markatua dela jakiteko; alegia, gaitzesten den zerbait adierazten duela, alferkeria edo liberalkeria, adibidez. Darbinkeri horrek, darwinkeriak, noski, Darwin osoa arbuiatzen du, izenetik bertatik estigmatizatuz.”
XIX. mendearen erdialdetik hasi eta ia gaurdaino iristen den analisi xehea egiten du Altonagak Darwin geurean liburuan, orduko intelektualen argitalpenak eta idatziak aintzat hartuta, eta euskara jartzen du “euskal munduko notable asko eta askok” darwinismoaren aurka zuten jarreraren erdigunean: “Kontua da —argudiatzen du Altonagak— aurkako aktitude hori aspaldikoa dela, eta izatez ez du zerikusi zuzenik darwinismoarekin. Darwinismoak hasieratik egin zuen topo "Arbelbideren harresia" dei dezakegunarekin: harresi hori euskara zen; euskara, Janpierre Arbelbideren —eta beste askoren— aburuz, harresi babeslea zen, isolatzailea, Euskal Herria munduko arrisku eta lanjer guztietatik begiratuko zuena. Arbelbideren harresiaren ondorioz-edo, besteak beste, euskaraz ez dago inolako liburu labainkorrik, soilik erlijio-liburuak: badakigu zelako literatura eduki dugun ia atzora arte. Esan daiteke, bai, euskaldunekin parke tematiko bat egin nahi izan zela, Lotilandia bat-edo. Bada, Darwinen ideiak harresi horren kontra birrindu ziren luzaroan.”
Darwinismoaz baino, gutaz asko esaten duen kontakizun zorrotza eraiki du Kepa Altonagak Darwin geurean lanean, eta, haren berri aurrez aurre jasotzeko aitzakia paregabea da Darwinen eguna. Hitzaldiak arratsaldeko zazpietan hasiko dira, Bilboko Bidebarrieta liburutegian.