DART zundaren talkak asteroidearen orbita aldarazi duela baieztatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia


 

dart-zundaren-talkak-asteroidearen-orbita-aldarazi
Hubble teleskopioak hartutako irudi horretan, talkak asteroidetik askatu zuen materia ikus daiteke. Arg. NASA/ESA/STScI/Hubble

DART zundaren talkaren ondorengoko bi asteetan lortutako datuen azterketaren arabera, misioak bere helburua bete du; hau da, Dimorphos asteroidearen orbita aldatu egin da, talkaren eraginez. Hala, NASAk frogatutzat eman du gizateriak baduela asteroide bat nahita desbideratzeko teknologia, eta, beraz, seguruago gaudela asteroide arriskutsuen aurrean.

Talkaren aurretik, Dimorphosek 11 ordu eta 55 minutu behar zituen Didymos asteroidearen inguruan orbitatzeko. Ondoren, astronomoek lurreko teleskopioak erabili dituzte orbitaren denbora zenbat aldatu den neurtzeko, eta 32 minutuan laburtu dela jakinarazi dute. Neurketa horrek 2 minutu inguruko errore-tartea duela ere zehaztu dute. Nolanahi ere, NASAren gutxieneko aurreikuspenak gainditu ditu: helburua gutxienez 73 segundotan aldatzea zen, eta aldaketa hori baino 25 aldiz handiagokoa da.

Orain, talkan askatu ziren arrokek orbitaren aldaketan nola eragin zuten ikertzen ari dira. Lau urte barru, berriz,  asteroidea bera eta sortutako kraterra ikertzeko asmoa du HERA egitasmo europarrak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.