Hungariak, Txekoslovakiarekin dituen tren-, ibai- eta errepide-trafikoa eten egingo duela iragarri du. Arazoa, Danubio ibaian eraiki nahi den Gabcikovo-Nagymaros izeneko zentral hidroelektrikoa da. Proiektu honen inguruan Pragan, Vienan eta Europako mendebaldeko hamabi hiritan protesta ugari izan da.
Hungariak proiektu honetan zuen partehartzea bertan behera utzi du ingurugiro-arrazoiak direla medio. Baina Txekoslovakia osatzen duten bi estatuetako txikienak, hots, Eslovakiak berari dagokion proiektu-zatia burutzeko asmoa duela adierazi du.
Austriak 640 milioi dolar inbertitu zituen proiektu honetan. Diru honen truk Austriak etorkizunean energia hidroelektrikoa jaso beharko luke, baina atzera egin duenez konpentsazioak nahi ditu. Hungariak eta Txekoslovakiak bakoitzak 500 milioi dolar inbertitu dituzte orain arte eta egindako lan guztiak Txekoslovakian burutu direnez, estatu honek du aurrera segitzeko interes handiena.
Aipatu hiru estatuetako ekologistak, hasiera-hasieratik proiektu honen aurka azaldu ziren. Hauen eritziz, presak egiteak lurrazpiko urak alda ditzake, edateko ura poluitu dezake, nekazaritza kaltetu dezake, etab.
Bi presa eraikitzea pentsatzen da eta proiektuak etekin maximoa izatea nahi bada, bi presek batera funtzionatu beharko dute. Gabcikovo-ko proiektuari aurten emango diote behin-behineko amaiera eta hiru urte barru 180 MW-eko potentzia izan dezake. Hasierako proiektua 780 MW-eko potentzia izateko diseinatu zela kontutan hartu behar da.
Gainera, proiektu honen arabera Hungaria eta Txekoslovakiaren arteko mugak berriz markatu behako lirateke eta hori ezingo da burutu Hungariak baimena ematen ez duen bitartean.