Dantzari trebea


Goiko irudiko dantzari arina ez da Nureiev ezta Antonio ere, jakina. Eta noski, ez da Zisneen Lakua dantzatzen ari. Basilisko deritzo musker itxurako animaliatxoari (Basiliscus basiliscus da bere izendapen zientifiko zehatza) eta zientzilariak ur gainean korrika nola ibil daitekeen aztertzen ari dira. Costa Ricara joan behar izan du horretarako Harvard Unibertsitateko ikertzaile-talde batek, bertakoa baita gure laguntxoa.

Costa Ricakoa da jatorriz eta basilisko du izena. Uraren gainean korrika bizian ikusi eta fenomeno bitxi horren arrazoiak argitzen ari dira Harvard-eko ikertzaileak. Sistema arrunt sinplea eta eraginkorra erabiltzen du gure laguntxoak, irudian ageri den bezalaxe, uraren gaineko joan-etorriak ziztu bizian egiteko.

Itxuraz, aire-labaingailuen antzeko efektua erabiliz lortzen du ez hondoratzea dantzari eta korrikalari bikain honek. Hankak oso azkar beheratzen ditu eta oinaren eta ur gainazalaren artean aire-kuxin bat sortzen da. Ur-gainazalaren eta airearen arteko presio diferentziak basiliskoa ez hondoratzea ahalbidetzen du. Ondorio horretara iritsi dira ikerlariak basiliskoaren joan-etorriak irudi-sekuentziatan deskonposatuz eta ondoren berreginez. Ikerlan horren hurrengo urratsa irakurle, gizakiak antzeko fenomenorik egin dezakeen edo ez aztertzea da.

Izan ere, basiliskoak erabiltzen duen sistema berean oinarrituz, lortuko al du gizakiak bere kasa uraren gainean korrika egitea? Baietz diote ikertzaileek, baina horretarako 80 kg-ko korrikalariak 30 metro segundoko abiaduraz ibili beharko luke. Eta bitartean, kalkulu horietaz batere arduratu gabe, hortxe dabil basilisko dantzari trebea, gure ezintasunak agerian utziz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila