CRISPR bidez aktibatzen den hidrogel adimendun bat sortu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

crispr-bidez-aktibatzen-den-hidrogel-adimentsu-bat
CRISPR bidez aktibatzen den material adimentsu bat sortu dute. Arg. MIT

Seinale biologikoei erantzuteko gai diren material adimentsuek aplikazio oso interesgarriak dituzte biomedikuntzan. DNA-sekuentziak barneratuta dituzten materialak bereziki erabilgarritzat jo izan dira, baina, halakoak garatzean zailtasun handiak izan dituzte, programatzeko oso zailak direlako.

Zailtasun hori gainditzeko, CRISPR metodoa baliatu dute Massachussets Teknologia Institutuko ikertzaileek (MIT). Hain zuzen, urez betetako polimeroak sortu dituzte, DNA-katez elkarri lotuta. Material horren ezaugarriak aldatzeko, CRISPR-Cas12a probatu dute, hau da, Cas12a entzima erabili dute, RNAz gidatuta, nahi zuten DNA-sekuentzia ezagutzeko eta mozteko. Horri esker, zehatz kontrola dezakete DNAn eragin nahi duten aldaketa, eta horrek sortzen dituen ondorioak, adibidez, itxura aldatzea edo desegitea.

Ikertzaileen arabera, material horrek aplikazio medikoak izan ditzake, adibidez, diagnostikoak egiteko (ebolarekin probatu dute), edo terapian, botikak modu adimentsuan askatuz (minbizian edo infekzioetan). Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila