COVID-19a ez da pandemia bat, sindemia bat baizik, The Lancet-en arabera

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

covid-19a-ez-da-pandemia-bat-sindemia-bat-baizik-e
Krisia sindemiatzat jotzeak hari aurre egiteko neurri egokiagoak hartzea ekarriko luke. Arg. FAO/Max Valencia/CC-BY-SA

COVID-19ari aurre egiteko ikuspegia aldatzera dei egiten du The Lancet aldizkariak, berriki argitaratutako editorial baten bidez. Haren arabera, birus bat jo da krisiaren errudun bakartzat, eta esku-hartze guztiak birus horren transmisioa eragoztera bideratu dira. Gobernuak gidatu dituzten “zientzia” batez ere eredu epidemikoetan eta medikoetan oinarritu da. Baina, editorialgilearen ustez, orain arte ikasi dugunak dio COVID-19 ez dela hain sinplea. 


SARS-CoV-2ak eragiten duen gaitzak bat egiten du gaixotasun ez-transmitigarri batzuekin, eta haietan eragin handia dute gizarte- eta ekonomia-desberdintasunek. Hala, desberdintasun horiek areagotu egiten dute SARS-CoV-2aren infekzioaren larritasuna. Horrenbestez, The Lancet-en arabera, COVID-19a ez da pandemia bat, sindemia bat baizik. 


Sindemia kontzeptua Merrill Singer antropologoak sortu zuen 1990eko hamarkadan. Ikuspegi sindemiko batek elkarreragin biologiko eta sozialak hartzen ditu aintzat, eta ikuspegi-aldaketa horrek eragina du gaitzaren prebentzioan, pronostikoan, tratamenduan eta osasun-politikan.


Izan ere, sindemia ez da komorbilitate hutsa. Sindemien ezaugarria da baldintzen eta egoeren arteko interakzio biologiko eta sozialak biltzen dituela, eta interakzio horiek areagotu egiten dutela pertsonen osasunari kalte egiteko edo okerrera egiteko joera. COVID-19aren kasuan, ezinbestekoa da gaixotasun ez-transmitigarrien garrantzia aintzat hartzea (gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, diabetesa, alzheimerra…), krisiari behar bezala aurre egiteko. 


The Lancet-ek azaldu duenez COVID-19a sindemiatzat hartzearen ondorio nagusia da gizarte-baldintzatzaileak azpimarratzen direla, eta agerian geratzen dela COVID-19ari konponbide biomediko hutsa bilatzeak kale egingo duela. “Desberdintasun handiak aldatzeko politikak eta programak diseinatzen ez dituzten bitartean, gure gizarteak ez dira inoiz benetan seguru egongo COVID-19arekiko”, dio editorialak. Eta gaineratzen du: “Guganantz datorren krisi ekonomikoa ez du botika batek edo txerto batek konponduko”. Horrenbestez, ikuspegi zabalagoa hartzera gonbidatzen du, hezkuntza, enplegua, etxebizitza, elikagaiak eta ingurumena barne hartzen dituena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila