Fisika Plazara programaren azken ekitaldia CERNek Genevan duen egoitzan izan da. Ez dago aukera hoberik. Munduko laborategirik ahaltsuena izateko aipatu da. Bertan garatutako esperimentuek unibertsoa sortu zeneko baldintza fisikoak errepikatzeko helburua dute. Horretarako partikula-azeleragailu erraldoia dute Genevan. Partikulak abiadura handian jartzeko eta bata bestearen kontra talka egin arazteko hogeita zazpi kilometroko tunela da.
Izan ere, Genevan CERNek orain arte erabilitako azeleragailua (LEP izenekoa) itxi eta beste berri bat (LHC izenekoa) eraiki nahi du. Eta LEP ixtear zeudela, azken urteotan gehien bilatutako partikularen aztarnak harrapatu dituzte. Partikula horren izaera, Higgs bosoiarena, Gerardus 't Hooft eta Martinus J. G. Veltman fisikari nederlandarrek iragarri zuten kalkulu teorikoen ondorio bezala. Lan horiengatik 1999. urteko Fisikako Nobel Saria eman zitzaien. Azken egunetako esperimentu horiek direla eta, luze eztabaidatu da LEP azeleragailua itxi egin behar zen edo ez. Azkenik, CERNek ixtea erabaki du eta Higgs partikula harrapatu nahian dabiltzan fisikariek ere LHC berriaren zain gelditu behar izan dute.