CEITeko Miren Sarasolak Schunk saria irabazi du

CEITeko Miren Sarasolak Schunk saria irabazi du
2005/11/01 | Elhuyar
Miren Sarasolak CEITen dihardu ikertzen.
ceit

Pragan jaso du Miren Sarasolak 2005eko Schunk Materials saria. Donostiako CEIT zentroan egin du doktoretza-tesia, eta tesi horretan garatutako lana saritu dute. Schunk saria Schunk Sintermetaltechnik enpresa alemaniarrak ematen du eta metalurgiaren alorreko ikerketa-lanak saritzen ditu. Saria Hauts Metalurgiaren Kongresu europarrean (Euro'PM) ematen da.

Lan horretan hauts-metalurgiaren bitartez egiten diren altzairuen kalitatea hobetzeko teknika bat garatu dute Sarasolak eta haren lankideek. Prentsatutako hautsetik abiatuta egiten den altzairua dentsitate txikikoa da; ez da kalitate handikoa, baina autogintzan erabiltzeko moduko altzairua da.

Dena dela, altzairu hori trinkoago egiteko teknika asko ikertzen ari dira metalurgiako laborategietan. Bide horretan, CEITeko lantaldeak fase likido bat eratzeko prozesuan oinarritutako teknika bat garatu du Sarasolaren tesian. Altzairua labe batean berotzen dute, eta metala likidotu egiten dute, baina ez guztiz; fase solido bat eta likido bat lortzen dituzte. Prozesu horren bitartez, kontrola dezakete altzairuaren dentsitatea hoztutakoan handia izan dadin.

Dagoeneko hiru sari irabazi ditu CEITeko ikerketa-talde horrek altzairuaren ikerketarengatik.

1
214
2005
11
014
Materialak
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila