CAF-Elhuyar sariak 2022: zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak

caf-elhuyar-sariak-2022-zientzia-eta-irudimena-eto
CAF-Elhuyar 2022ko saridunak Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Hauek izan dira lan 2022ko CAF-Elhuyar sarituak:

Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa garaia”, Ane Portillo Blancorena. Dibulgazio-artikulu orokorraren saria.

Gaueko bake frenetikoan dantza segi dezan”, Amaiur Esnaola Illarretarena. Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria.

Zer diotso sagarrak jogurtari?”, Fátima Villa Gonzálezena. Neiker saria.

Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”, Jon Villapun Arbide, Maider Ibañez Espinosa eta Jon Goikouria Larrabeitirena, Geuria aldizkarian argitaratua. Zientzia-kazetaritzako saria. 

Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean” proiektua, Arantzazu Luzarraga Iturriozena. Sorkuntza-beka.

Elhuyarren sortzaileek jaso dute CAF-Elhuyar merezimendu-saria: Iñaki Azkune Mendia, Felix Azpiroz Arrillaga, Juanjo Gabiña Carrera, Jesus Mari Goñi Zabala, Andoni Sagarna Izagirre eta Mikel Zalbide Elustondok. 

 

Bidaia baten proposamena

Atzo arratsaldez egin zen CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia). Aurten Elhuyarrek 50 urte betetzen dituenez, ekitaldia berezia izan da: hasiera emateko, zientziaren etorkizunera bidaiatu dute lau zientzialari gaztek, 50 urte barru zientzia nolakoa izango den iragarri nahian. Itziar Irakulis Loitxatek ingurumenaren arloa aztertu du, sateliteak lagun, eta etorkizuneko satelite publikoen sareak ekarriko dituen aukerak plazaratu ditu; Maia Garcia Vergnioryk materialak eta fisika aztertu ditu, eta materialek historiako iraultza handietan izan duten protagonismoa gogoratuz, datozen urteetako material iraultzaileak aurreratu ditu; Gorka Azkune Galparsorok Euskal Herrian zientzia indartsua izan dadin beharrezko diren osagaiak ondu ditu; eta Izortze Santin Gomezek osasuna eta medikuntzari erreparatu dio, eta gizakion bizimodu eta kontsumo-eredu ez jasangarriak, ingurumenean ez ezik, osasunean dituen egungo eta etorkizuneko ondorioez hausnartu du.

Denboran atzera ere egin du bidaia Tabakalerak, eta duela 50 urte Elhuyar sortu eta euskarazko zientzia-dibulgazioa hasi zuteneko garaia eta protagonistak gogoratu ditu, txalo-zaparrada artean.

Sari-banaketaren aurtengo leloa “Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak” izan da. Izan ere, gure gizarteak erronka handiak ditu etorkizunerako: klima-larrialdiari aurre egitea, desberdintasun sozialak ezabatzea, dibertsitatea onartzea... Horretarako, zientzia eta irudimena ezinbesteko tresnak izango dira. Bi osagaiez ondo hornituta daude aurtengo saridunak:

Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa garaia

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Ane Portillo Blanco berangoztarrak irabazi du, Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa garaia izeneko artikuluarekin. Sexu-desiraz hitz egin du Portillok. Eta hormona bidezko antisorgailuek hura galarazi dezaketela jarri du mahai-gainean. Oraindik zientziak ezin izan duenez harremana guztiz frogatu, epaiketa baten forma eman dio artikuluari. Saria eskuetan, onartu du zaila dela sexu-desiraren galeraz medikuarekin hitz egitea, eta horrek berak eraman duela artikulua idaztera.

Ane Portillo Blanco, dibulgazio-artikulu orokorraren irabazlea. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan

Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Amaiur Esnaola Illarreta donostiarrak eskuratu du, Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezanlanari esker. Euskal Herrian altxor txiki bat dugula aipatu du –Pirinioetako muturluzea–, erreka garbietako ur-lasterretan bizi dena, baina guztiz ezezaguna dela aitortu du, penaz. Animalia txiki horren inguruko ezagutza sortzera bideratu du ikerketa, eta, orain, hari buruz dakiena gizartearekin partekatzea dagokiola adierazi du, euskal gizarteak jakin dezan zer harribitxi galduko duen errekak zaindu ezean.

Amaiur Esnaola Illarreta, doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren irabazlea. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar
Jon Villapun Arbide Geuria aldizkariko zuzendaria, zientzia-kazetaritzaren saria eskuetan duela. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak

Zientzia-kazetaritza kategorian, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak lana izan da saritua, Bizkaiko Geuria aldizkarian argitaratutakoa. Hiru izan dira egileak: Jon Villapun Arbide, Jon Goikouria Larrabeiti eta Maider Ibañez Espinosa. Etxerreko putzuari buruzko ale berezia da saritutakoa, eta, kalitatezkoa izanik eta datu zientifiko zein lekukotasunez hornitua izanik, beste leku batzuetarako eredu izan daiteke, epaimahaiaren ustez. Gure inguruko altxor ekologikoak kontserbatzeko grina pizten laguntzen dute halako lanek.

Geuria aldizkariko zuzendariak kazetaritzak eta zientziak elkarrekin egin dezaketen bidea azpimarratu du. Zientzia-kazetaritza binomioak gure bizimodua hobetzeko ahalmen handia duela adierazi du, etorkizunerako giltzarri izan daitekeena.

 

 

Zer diotso sagarrak jogurtari?

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du Neiker sariak, eta aurtengo saritua Fátima Villa González da, Zer diotso sagarrak jogurtari? lanari esker. Bostonen dago Villa, MITen ikerketa-egonaldi bat egiten, eta birtualki eman ditu eskerrak sariagatik. Digitalizazioa du oinarri Villak etorkizunean elikagaientzat proposatzen duen metodologiak. Berez ingeniaritzako komunikazio-sistema bati buruzko da, erabilera asko izan ditzakeena. Villak elikagaien iraunkortasuna aztertzeko erabiltzea proposatu du; besteak beste, Eusko Labela hobetzeko. Epaimahaiak adierazi du gaur egungo behar bati erantzuten diola proposamenak. Areago, egingarria eta aplikagarritasun handikoa dela.

Fátima Villa González Neiker sariaren irabazlea, Bostonetik. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean

Arantzazu Luzarraga Iturrioz, sorkuntza-bekaren irabazlea. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Sariez gain, 5.000 euroko dirulaguntza bat ere eman du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duen proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten Arantzazu Luzarraga Iturrioz bilbotarraren Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektuak jaso du sorkuntza-beka.

Antropozenoa izan du hizpide Luzarragak, gizakiaren aroa deritzon garai geologikoa: “Garai honek gure inguruan utzi dituen arrastoen kartografia bat egitea da asmoa. Bizkaiko kostaldean, Puntagaleako itsas labarrean, jarduera industrialak sortutako arrasto bereizgarriak pilatu dira. Bizkaiko labe garaiek 30 milioi tona hondakin isuri zituzten itsasora, eta horietatik milioi bat olatuek berriro ekarri digute kostaldera bueltan. Hondakin horiek pilatuz joan dira hango hondartzetan, zementatutako hondartza beltzak bihurtuz. Beltzak, burdin-zepa ugari dutelako hondakinek. Hainbeste burdin, ezer iman batek erraz erakartzen duen hondarra”.

“Milaka milioika urtez sedimentatutako flisharen sekuentziaren gainean ere, zementatutako hondakinak pilatu dira orain: adreiluak, burdinak… Baina itsas maila goraka doa, eta kostaldeko eremu hau guztiz desagertuko da 100 urte barru. Giza eraginagatik desagertuko dira gure eraginez zementatutako arrastoak ere”, esan du Luzarragak. “Berandu izan baino lehen, antropozenoak euskal kostaldean izan duen eragina azaleratu nahi dugu, imanaren eremu ikusezin hori irudikatuz eta kartografiatuz”. Epaimahaiak adierazi du, gaurkotasun beteko gai zientifiko bati helduta, sorkuntza-lan erakargarria proposatu duela Luzarragak.

CAF-Elhuyar merezimendu-saria

Azkenik, Elhuyarren 50. urteurrena izanik, Elhuyarren sortzaileeiegin zaie aitortza hunkigarria. Bederatzi ingeniari-ikasle donostiar haiek duela 50 urte egindakoak euskararen normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan izan duen ekarpena goraipatu da. Hala, txalo-zaparrada artean jaso dute omenaldia Iñaki Azkune Mendiak, Felix Azpiroz Arrillagak, Juanjo Gabiña Carrerak, Jesus Mari Goñi Zabalak, Andoni Sagarna Izagirrek eta Mikel Zalbide Elustondok, eta jada gure artean ez dauden Luis Mari Bandres Unanuek eta Kepa Zalbide Elustondok.

Zentsura-garaiko pasarteak ekarri zituen gogora Azpirozek, Elhuyarren jarduna baldintzatzen zuten garaiak. Eta, era berean, gaur egungo Elhuyar ikustea harrigarria zaiela aitortu du, haiek jarritako haziak eman duen guztiari begiratuta.

Jesus Mari Goñi Zabala, Juanjo Gabiña Carrera, Iñaki Azkune Mendia, Felix Azpiroz Arrillaga, Luis Mari Bandres Unanueren emaztea, Kepa Zalbide Elustondoren alaba eta Mikel Zalbide Elustondo, Txema Pitarke de la Torre Elhuyar Fundazioko lehendakariak lagunduta. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Sorkuntza-beka 2021

Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua, zuzenean. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Amaitzeko, aurreko urteko bi sorkuntza-bekak irabazi zituztenen proiektuak ezagutzeko aukera izan da Tabakaleran bertan. Bata Itxaso Navarro Celestinok jaso zuen, Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua proiektuarengatik, eta zuzenean entzun eta ikusteko aukera izan dute ikusleek emaitza. Etorkizuneko zientzialariek, gure gizartearen isla diren hondakinak aurkituz gero, gure gizartea nola interpretatuko luketen irudikatu nahi izan du Navarrok. Etorkizuneko zientzialariek zabor birtualarekin egingo dute topo, eta spam-hondakin horien kode binarioa dekodifikatu eta musika bihurtu ditu. Ikusteko modukoak izan dira entzuleen harridura-aurpegiak, gure zaborrak zer nolako “musika” sortzen duen ikusita.

Beste beka, berriz, Ander Gortazar Balerdi eta Jacek Markusiewiczek jaso zuten. 15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak lanarengatik. Jasotako sariari esker, Euskal Herriko kartografiaren ikuspegi desberdin bat sortu dute, ekitaldian erakutsi dutena. Gaur bertan abiatuko da EHUn ikusgai jarriko duten erakusketa. Kartografia eta musika berezi horiek eman diote amaiera ekitaldiari, eta, era berean, aurtengo sorkuntza-bekak emango duena ikusteko irrikaz geratu dira ikusleak.

Ander Gortazar Balerdi eta Jacek Markusiewicz, euskal kartografia garaikideak aurkezten. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.