Bevacizumab (Avastin®) botikak bularreko minbiziaren aurka zer eraginkortasun duen aurresateko, biomarkatzaileak identifikatzen jardun dute Basurtuko Ospitaleko, Onkologikoko eta Donostia Ospitaleko zenbait ikertzailek. Sendagai horren erabilera ohikoa da ebakuntza egin aurreko tratamenduetan, odol-hodien hazkundea (angiogenesia), eta beraz, tumorearen hedapena, galarazten laguntzen duelako. Ikerketa honetatik abiatuta, litekeena da etorkizunean aukera egotea bularreko minbizia duen gaixo bakoitzak Bevacizumab botikarekin nola erreakzionatuko duen neurtzeko.
Minbiziaren II-III estadioan zeuden 73 lagunek hartu dute parte ikerketa honetan. “Markatzailerik ba ote zegoen ikusi nahi genuen, Bevacizumab bidezko tratamenduarekin onura handiena zein gaixok izango duten jakiteko”, azaldu du Donostia Ospitaleko Isabel Álvarezek. Tumorearen hipoxia neurtu dute horretarako, positroien igorpen-tomografia (PET) eta misodinazol erradiofarmakoa (FMISO) konbinatzen dituen irudi-teknika baliatuta. Izan ere, tumorearen oxigeno-kontzentrazioa gutxitzen bada (hipoxia), botika bere bidea egiten ari den seinale izaten da.
FMISO-PET metodoak emaitza onak eman ditu. Egiaztatu dutenez, Bevacizumab eraginkorra den kasuetan, aukera ematen du botikak tumorearen oxigenazioan sorrarazten dituen aldaketak bereizteko. Hala, lehen tratamendua jaso eta hamar egunen buruan identifikatu daiteke zein gaixori egingo dion mesede. Dena dela, Álvarezek berak azaldu bezala, “gaixo gutxirekin egin dugu ikerketa, eta balioztatu egin behar dugu. Baina bai, datu interesgarriak dira”.