Supermerkatuetan aurkitzen ditugun txanpinoiak bezala, boletus onddoak erein eta biltzea uste baino gertuago egon daiteke. Komertzialki estimazio handia duten perretxiko horien produkzioa handitzeko teknologia garatu du ID Forest izeneko enpresa batek. Zumaiako Jaime Olaizola mendi-ingeniariak sortu eta zuzentzen du enpresa hori, eta Venta de Baños-en (Palentzia) du egoitza.
--> Ikusi "Onddoak erein" erreportajea Teknopolisen
Baso bat boletus-mizelioz inokulatzeko, bertako hazia erabiltzen da, baso eta lur jakin bati egokitutako perretxiko-anduiak baitaude. Toki horretan, gainera, andui batzuk besteak baino azkarrago hazten dira, eta, horiexek dira, hain zuzen, landatzeko erabiliko direnak. Laborategian egiten dena hautaketa genetikoa baino ez da. Ondoren, mizeliorik onena ugaldu egiten da, hazia sortzeko.
Beste hainbat faktore ere kontrolatzen da inokulazioak arrakasta izan dezan: basoaren egitura moldatzen da, boletusek argia nahi dutelako; lurraren analisiak ere egiten dira, lur azidoetan hobeto ematen delako, eta zuhaitzen adina ere kontuan izan behar da.
Boletusek zuhaitz helduak bakarrik mikorrizatzen dituzte; esnegorri edo boilurren kasuan, berriz, posible da zuhaitz gazteetan mikorrizazioa eragitea. Izan ere, inokulazioaren helburua mikorrizazioa lortzea da, hau da, onddoak eta zuhaitzen sustraiek bat egin dezatela eta mizelioa zabal dadila basoan. Mizelio horretatik sortuko dira gero perretxikoak, dena ongi badoa, urtebetera.
Prozesuaren jarraipena PCR bidez egiten da. Makina hori gai da basoan jasotako lur-laginetan boletusen DNA aurkitzeko. Hala, zenbat mizelio dagoen jakin daiteke —inokulatu behar den ala ez erabakitzeko— inokulazioak funtzionatu duela baiezta daiteke eta, azkenik, zuhaitz mikorrizatuen zertifikazioa egiteko ere erabiltzen du teknika hau ID Forestek. Zuhaitz batek ehunka onddorekin izan dezake harreman mikorrizikoa eta boletusa tartean dela ezagutzea da helburua kasu honetan.
“Dagoeneko ez da esperimentu bat; emaitzak onak izan dira eta orain errendimendua nola areagotu ari gara ikertzen”, dio Olaizolak. Momentuz hainbat dira Euskal Herrian boletus-mizelioz ereindako basoak, eta Italian ere badute lan hori egiteko eskaera bat.