Bolante eta pedalik gabeko automobila

Etorkizuneko automobiletan ez dira hankak erabili beharko. Mercedes konpainiak aurkeztu berri duen prototipo “futuristak”, behintzat, ez du pedalik. F 200 Imagination izena duen kotxe hau guztiz iraultzailea da eta eskuak soilik erabiliz gidatzen da. Bolantearen ordez biradera berezi batzuk ditu prototipoak. Honela, hankak aske gelditzen dira eta ez dute batere esfortzurik egin behar.

Mercedes konpainiak aurkeztu berri duen prototipo “futuristak” pedalik ez izatea da dituen berezitasunetako bat.

Automobila gidatzeko biradera ezkerrera edo eskuinera mugitu behar da, azeleratzeko eta galgatzeko aurreraka edo atzeraka desplazatu behar delarik. Biraderak erdian eta ateetan kokatuta daude; ondorioz, eskuineko bidaiariak ere kotxea gida dezake gidariak atsedena hartzen duen bitartean. Aurrerapen hau oso baliagarria da, dudarik gabe, bidaia luzeak egin behar direnean.

Biraderaren komandoak erregulazio elektronikoko sistema baten bidez jartzen dira martxan eta ez sistema hidrauliko edo mekanikoen bitartez. Sistema horrek segurtasun handiagoa ematen dio bidaiariari, jasotako aginduak balore teorikoekin konparatzen baititu. Esate erraz baterako, automobila ez litzateke errepidetik aterako gidaria egoera kritikoan egonda ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila