Gogor saiatzen diren arren, oraindik ez dute frogatu Marten bizia dagoenik. Hori kontuan hartuta, deigarria da duela gutxi egin duten Amerikako Astronomia Biltzarrean bi geologok adierazitakoa, alegia, litekeena dela Viking zundek Marten topatu nahi zituzten bizidunak suntsitu izana.
Hain zuzen ere, Viking zundak 1976an iritsi ziren Marteren azalera. Han, laginak bildu eta esperimentu batzuk egin zituzten, Lurrean dauden bizidunen antzekorik ba ote zegoen jakiteko. Besteak beste, elikagaitan aberastutako ura bota zuten laginetan, bizidunik bazegoen, elikatzeko aukera izan zezan. Laginak erre ere egin zituzten, hondakin organikorik ote zegoen ikusteko.
Bi geologoen esanean, Marteren ezaugarriak aintzat hartuta, baliteke hango bizidunen zeluletan ez egotea ura bakarrik, baizik eta uraren eta hidrogeno peroxidoaren (ur oxigenatua) nahaste bat. Batetik, horrek azalduko luke zergatik dagoen substantzia oso oxidatzaile bat --ustez, hidrogeno peroxidoa-- Marteren azalean. Bestetik, halako zelulek izozte-puntu baxua dute, eta ur gutxi behar dute. Egokiak izango lirateke, beraz, Marten bizitzeko.
Bada, juxtu, Viking misioan egin zituzten esperimentuen bidez, ikertzaileek proposatutako zelulak suntsituta geldituko lirateke, inolako arrasto organikorik utzi gabe, gainera. Nolanahi ere, zientzialari gehienentzat hori guztia ez da oso sinesgarria.