Reading Unibertsitateko adimen zibernetikoaren ikertzailea da Mark Gasson, eta, duela gutxitik, birus informatiko batek infektatutako lehen pertsona ere bada, berak jakinarazi duenez.
Hain zuzen, Gassonek irrati-frekuentzien bidezko identifikazio-txip bat jarri zuen iaz, bere esku ezkerraren larruazalaren azpian. Berez, dagoeneko erabiltzen dira irrati-frekuentzien bidezko txipak, adibidez dendetako produktuak eta etxeko animaliak kontrolatzeko. Reading Unibertsitatean eta beste hainbat laborategitan ikertzen ari direnak, ordea, horiek baino sofistikatuagoak dira, gai baitira datuak bidaltzeko, gordetzeko eta eraldatzeko. Aplikazioen artean, osasun-arazoak tratatzeko edo haien jarraipena egiteko inplanteak daude.
Gassonek urteak daramatza sistema informatikoak eta nerbio-sistema elkarrekin konektatzeko interfazeak ikertzen, eta, oraingo esperimentuaren helburua halako inplanteen erabilera eta arazoak aztertzea izan da. Urtebetez, eskuko txipari esker; sarbide segurua izan du unibertsitatean eta bere telefono mugikorrean; horrez gain, horretarako baimena zutenek Gasson uneoro non zegoen jakiteko aukera izan dute.
Orain, Gassonek beste pauso bat eman du, eta txipa birus batekin infektatu du; ondorioz, sistema osoa blokeatu egin da. Gassonen esanean, "neure inplantea birus informatiko batekin infektatuta, agerian utzi dut zenbateraino ari diren aurreratzen teknologia horiek eta zer arazo ekar ditzaketen etorkizunean".
Edozein modutara, adituek uste dute halako txipak erabiltzen hasterako infekzio-arriskua aurreikusi eta haiek saihesteko neurriak hartuko dituztela ikertzaileek.