Birsortutako neuronek funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte

Egun, badakigu ugaztun helduen burmuineko neuronak birsortu egiten direla. Baina zerbaitetarako erabiltzen al ditugu birsortutako neurona horiek? New Jerseyko Rutger Unibertsitatean arratoiekin egindako ikerketaren emaitzen arabera, neurona berriek funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte.

Adibidez, hipokanpoko neurona berriak ezinbestekoak dira ikasitako erantzunen koordinazioaz eta gertaeren arteko denbora-erlazioaz arduratzen den memoriaren zatirako. Zientzialarien ustez, lortutako emaitza horiek lagungarriak izango dira nerbio-sistemaren gaixotasunak sendatzeko, kaltetutako burmuinetan guztiz funtzionalak diren neuronak txertatu ahal izango baitira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila