Bihotz-biriketako bizkortze garaian aorta okluitzeko baloia

Nafarroako Unibertsitate Publikokoan aorta okluitzeko baloiaren teknika txerrietan esperimentatu dute, animalia horren sistema kardiobaskularrak gizakienarekin antzekotasun handia baitu. Jasotako emaitzen arabera, aortan ezarritako oklusio-baloi bati esker, bihotz-biriketako bizkortze-mugimenduetan burmuinera eta bihotzera iristen den odolaren presioa bikoiztu egiten da.

Iztaitik, arteria femoralean barna, baloi batez lagunduriko kateter bat sartzen da eta diafragmatik behera, aortan kokatzen da. Baloia puztean, odola behar-beharrezko lekuetara soilik banatzea lortzen da. Era horretan, bihotzetik irteten den odola burmuinera edo bihotzera bakarrik bideratzen da, gorputz-adarretara eta gainerako gorputz-atal ez-oinarrizkoetara joatea eragotziz.

Aorta barneko oklusio-baloiak, beraz, presio arterial sistolikoak, diastolikoak eta erdikoak areagotzen ditu, perfusio koronario eta zerebralen presioak bezalaxe. Zientzialarien iritziz, emaitza hobeak lortzeko, teknika berri hori azkar erabiltzea oso komenigarria litzateke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila