Bihotzekoek gaixoaren bihotz-ehunetan sortzen duten kaltea konpontzeko hanketako edo besoetako muskulu-ehunak erabiltzea posible izan daiteke.Duke Unibertsitatearen Ospitaleko ikerlari-talde bat untxiekin frogak egiten aritu da, eta lortutako arrakastaren arabera, bihotz ahulak indartzeko muskulu-ehunak erabiltzea oso metodo eraginkorra dela dirudi. Bihotzekoa emandakoan bihotz-ehuna oxigenorik gabe gelditzen da eta kalteturik suertatzen da, bihotzak huts egitea gerta daitekeelarik.
Horregatik, beharrezkoa da bihotz-ehunak nola edo hala indartzea. Ikerlariek hainbat untxiri bihotzekoa eragin zieten eta ondoren, hauetako batzuei, hanketako muskuluetatik zelula heldugabeak hartu ta bihotz-ehunetara transplantatu zizkieten bertan gara zitezen. Operazio hau jasan zuten untxietako askok (% 60k, gutxi gorabehera) zelula hauek erabat garatu dituzte eta bihotzekoaren ondoren ez dute arazorik izan osatzeko. Orain teknika hau gizakiengan frogatzea izango litzateke hurrengo pausoa, ospitaleko etika-kontseiluak onartuz gero.