rtikulu honetan Adimen Artifiziala, Linguistika Konputazionala eta Psikolinguistikaren arteko lan baten berri emango dugu. UPV/EHUko Ikerkuntzarako Errektoreordetzak 1994 eta 1995. urteetan finantzatutako bi ikerkuntza-proiekturen barrukoa da lana. Proiektuak UPV/EHUko Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailean lan egiten duen IXA taldea eta ILAZKI euskaltegiaren arteko elkarlanari esker burutu ziren. Proiektuen izenburua ondokoa dugu: Bigarren hizkuntzaren Ikaste-prozesuaren Ikerketarako Sistema Adimenduna.
Proiektu hauetan epe luzera begira genuen helburua hau zen: hizkuntza ikasteko prozesua aztertzeko sistema adimenduna sortzea. Sistemak ikaslearen tartehizkuntzaren errepresentazioa (konpetentzia gramatikala) eta tartehizkuntza horren jasotze-prozesua aztertzeko balioko luke.
Gaur egun, aipatutako proiektuetatik bost urte pasa ondoren, bigarren hizkuntza (H2) ikasteko prozesua ikertzeko ingurunea diseinatu dugu. Hiru sistema desberdinez osatua da:
Epe luzerako helburua handizalea zen arren, horretara eraman gintzaketen epe motzeko helburuak zehaztu genituen aipatutako bi proiektuetan. Ondoren, proiektu jakin haietan egin genuena azalduko dugu laburki.
Helburua ILAZKI euskaltegiaren 9-10, 10-11 eta EGA mailetan zeuden zenbait ikasleren tartehizkuntzaren egitura linguistiko batzuk aztertzea izan zen. Horretarako, ikasturtean zehar euskaltegian jarraipen minimoa izan zuten 15 ikasle desberdin hautatu genituen. Gero, egitura linguistiko batzuek aukeratu genituen. Ondoren, egitura horien erabilera desberdinak landu genituen ikasleek idatzitako idazlanetan. Eta, azkenik, egitura horiek erabiltzeko ikasleek zituzten arrazoiak landu genituen. Besteak beste, ikasle bakoitzaren ikaste-estrategiak izan genituen irizpide.
Azterketa hau bi irakaslek eskuz egin bazuten ere, laguntza erdiautomatikoa ere izan zuten. Egitura linguistikoak ondoko irizpideen arabera hautatu genituen: lehenengo, aipatutako hiru mailetan irakasleen ustez arazotsu ziren egitura linguistikoen zerrenda egin genuen –arazotsu diogunean, bai H2rekiko "errore" direnak, bai maila horietan gutxi asimilatuta daudenak sartzen dira (adibidez, eta juntagailua gehiegitan erabili, hala ere, ordea, -arren eta honelakoen ordez)–; eta, gero, informatikak gaur egun dituen mugak direla eta, hautatutakoaren azpimultzo bat hartu genuen aztergai.
Horrekin batera irakasleen lana jasotzeko datu-basea inplementatu genuen. Honez gain, ikasleen testuez osatutako corpusa antolatzen hasi ginen. Corpusaren bidez, maila bakoitzean ikasleek erabiltzen dituzten egitura linguistikoak aztertu eta portzentaiak (automatikoki kasu batzuetan, eta erdiautomatikoki besteetan) ateratzeko tresna informatikoak landu genituen proiektu haien ondorioz.