Physarum plycephalum lizunaren gogoko jakiak Japoniako mapa imitatuz kokatuta, eta lizuna bera Tokiori dagokion lekuan jarrita, Oxford Unibertsitateko ikertzaile batzuek ikusi dute Tokio eta inguruko herri eta hiri garrantzitsuenen arteko komunikazio-sarearen antzeko itxura hartzen duela lizunak, hazi ahala. Hortaz, lizunak oinarritzat hartuz trenbideak edo bestelako garraio-sareak diseinatzeko aukera egon liteke.
Physarum plycephalum lizun likatsuaren jateko modua da horren guztiaren azalpena. Lizuna, jatekoa topatzen duenean, adarkatu egiten da jateko partikulen gainean. Gehiago adarkatzeko garaian, aldiz, sinplifikatu egiten du sortutako sarea, eta mantenugai gehien jasotzen dituzten adarrak bakarrik uzten ditu.
Japoniako maparen esperimentua egin zutenean, hiri nagusiak mantenugai-iturri handiak bihurtu zituzten ikertzaileek (hiriei zegokien lekuetan arto-krispetak jarrita), eta 26 orduz behatu zuten lizunaren hazkuntza. Bada, ikusi zuten lizunak sortutako sarearen itxurak antz handia zuela Tokio inguruan eratuta dagoen trenbide-sarearekin.