Bi izar dantzari elkartzean sortutako noba gorria

Bi izar dantzari elkartzean sortutako noba gorria
2011/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA, ESA and H.E. Bond (STScI).)

Bi izar kiribilean dantzan ari ondoren elkartu eta izar bakarra nola sortzen duten ikusi dute, lehenengoz, Poloniako Nicolaus Copernicus Astronomical Center-eko astronomoek. 2001 eta 2008 artean egindako behaketei esker, noba gorrien sorrera ulertzeko baliagarria izan litekeen informazioa lortu dutelakoan daude.

Noba gehienak urdinak dira, eta nano zurien materiala lehertzean eratzen dira. Baina noba gorriak nola sortzen diren argitu ezinik ibili dira astronomoak. 2002an aurkitu zuten orain arteko noba gorririk ezagunena, eta V838 Monocerotis izena eman zioten --goiko irudian ageri da--. Sei urte beranduago, V1309 Scorpii noba gorria agertu zen Esne Bidean; haren kokapenari esker, OGLE Optical Gravitational Lensing Experiment proiektuaren baitan Txiletik ehunka izarren argia aztertzen aritzen ziren astronomoek hari gertutik behatzeko aukera izan zuten. 2001etik 2008ra bildutako datuak aztertuz, noba gorriaren sorrera-prozesua ikertu ahal izan dute.

Hain zuzen, ukipen-bitar baten fusioaren ondorioz sortu omen zen V1309 Scorpii. Halako sistema bitarretan, bi izar bata bestearekiko biratzen dira, elkarrengandik hain gertu, ezen elkar ukitzen duten. Hasieran 1,4 egunean ematen zuten bira bata bestearen inguruan, espiral moduko bat irudikatuz. Baina denbora-tarte hori laburtuz joan zen gero, bi izarrek guztiz bat egin eta lehertu arte. Horrela sortu zen noba gorria.

1
271
2011
1
011
Astronomia
Albisteak
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila