Betaurreko horiak ikusmena babesteko

Argi urdinak ikusmena kaltetzen duela frogatu dute Errusiako ikertzaile batzuek

Nork ez du atsegin zeru urdinari, itsaso distiratsuari eta elurraren islari begiratzea? Bada, argi urdinak ikusmena kaltetzen duela frogatu dute Errusiako ikertzaile batzuek. Hala ere, arazoari aurre egiteko modua ere aurkeztu dute.

Argi urdinari dagozkion erradiazioek erretinan eta epitelio pigmentudunean eragiten dute, eta, ondorioz, erradikal askeak sortzen dira. Erradikal aske horiek oso kaltegarriak dira, zelula osasuntsuak deuseztatu eta aldaketa itzulezinak eragiten dituztelako. Gainera, erradikal askeen eragina are kaltegarriagoa da oxigenoarekin elkartzen badira; orduan, ikusmenerako ezinbestekoak diren zelulak kaltetzen dira.

Begiak berak baditu argi urdinetik babesteko mekanismoak. Hasteko, begiko kristalinoa horixka da; hala, uhin ultramore eta urdin gehienak desagerrarazten ditu espektro ikusgaitik. Begi-niniaren atzean ere beste iragazki natural bat dago, kolore horiko orban bat baitago erretinan. Eta babesteko hirugarren egitura epitelio pigmentuduna da. Hirurei esker, argi urdin gehiena iragazi egiten da.

Alabaina, adinarekin egitura horiek ahuldu egiten dira, eta argi urdinak izugarrizko kaltea egin dezake erretina gaixotzen bada. Horrelakorik ez gertatzeko, babes naturala imitatzen duten betaurrekoak proposatu dituzte zientzialari errusiarrek.

Betaurrekoek anbar-koloreko lenteak dituzte, eta, eguzkiaren argitasunaren eta erretinaren kaltearen arabera, argiagoak ala ilunagoak dira. Bide batez, betaurrekoek ikusmena zorrozten dute. Fenomeno hori oso ondo ezagutzen dute argazkilari profesionalek, iragazki horiak erabiltzen baitituzte irudi zehatzak lortzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila