Eguzkitik sei mila milioi kilometrora orbitatzen du, azken planetaren (Plutonen) mugetan. Planeta txiki hau, lehen aldiz iazko abuztuaren 30ean detektatu zuten David Jewet eta Janet Luu-k, Hawaii-ko Unibertsitateko astronomoek. Planeta detektatu berriari oraingoz 1992 QB1 deitzen diote.
Aipatutako bi astronomoek, Mauna Kea mendian 2,2 metroko teleskopioaz begira ari zirela, Piscis konstelazioan arrasto zuriska bat somatu zuten. Hurrengo bi gauetan oso astiro desplazatzen zela konturatuta, urrutiko planeta txikia izan zitekeela pentsatu zuten. 23 magnitudekoa zen (oso txikia, egia esan; giza begiak argiz anplifikatu gabe soma dezakeena baino sei milioi aldiz txikiagoa) eta horregatik ez zuten lehenago detektatu.
Geroztik Brian Marsden astronomoak planetaren ibilbidea finkatu du eta argazkiak atera ahal izan zaizkio. 1992 QB1 planeta ez eta kometa ote den galdera egin izan dute, baina distirak berdin irauten dionez, ezezkotan daude. Distira hori analizatuz, planeta 200 kilometro diametrokoa dela diote eta material organikozko hondakin gorrizkaz estalia dagoela ere bai. Eguzki-sistemako mugan biraka ari den planeta txiki honentzat orain duena baino izen poetikoagoa ipini asmoz ari dira. Smiley da aurkitu zutenek proposatzen dutena; John Le Carre-ren erromatarren espioi famatuaren izena.