Beso artifizialak, haragizkotik gertuago

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

beso-artifizialak-haragizkotik-gertuago
Arg. Tyler Lab, Cleveland VA Medical Center

Science Translational Medicine aldizkarian argitaratutako bi ikerketak beso artifizialetan egin diren aurrerapenen berri ematen dute. Ikerketa bakoitzak alderdi bat garatu du: besoa askatasun handiagoz kontrolatzea, batak, eta eskuetako ukimenaren antzerako sentsazioak izatea, besteak.

Lehenengo ikerketan beso artifiziala zuzenean besondoko hezurrari, muskuluei eta nerbioei konektatu diete. Protesia osteointegratua da, eta eramalearen eskeletuarekin bat egiten du. Emaitza: mugimenduak modu naturalagoan egiten ditu protesiaren eramaleak kontrol handiagoa duelako.

Bigarren ikerketan nerbioen konexioetan jarri dute enfasia. Besoa ukalondoaren gainetik moztuta zuten bi gizonezkori ebakuntza eginda, elektrodoak lotu zizkieten besondoko azalaren azpiko nerbioei. Besoa trebatzeko, hatzamarretan kokatutako sentsore batzuen bitartez  intentsitate desberdinetako pultsu elektrikoak jasotzen zituzten, eta, urte beteren ondoren, ukimen naturalaren antzeko sentsazioak dituztela esan daiteke. Horri esker, besoa bereago sentitzen dute,  eta ataza finagoak egiteko gai dira; hala nola, fruta bati haziak kendu fruta birrindu gabe. 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila