Berotzeko ehunak

Hotz dagoenean isolatzen duten ehunak erabiltzea baino hobea da berotzen dutenak erabiltzea. Estatu Batuetan Gateway Technologies enpresak kanpoko energi iturririk gabe pertsona berotzen duten eskularru, txapel eta botak saltzen ditu. Batez ere neguan oso baliagarri diren produktu hauen oinarrian “fasez aldatzen diren materialak” daude.

Beste era batera esanda, konposatu kimiko jakin batzuk erabiltzen dira: polietilenglikola, etab. Tenperatura handia dagoenean inguruneko beroa biltzen dute likidotzen diren bitartean eta gero, hotz egiten duenean, solidotu egiten dira, gramo bakoitzeko 35-45 kaloria emanez.

Ehunean likidoa barreia ez dadin, konposatu kimiko horiek bola-formako kapsula txikitan egoten dira ehunaren zuntzen artean. Egia da aldika ehuna berotan eduki behar dela (hau da, bateriak bezalaxe kargatu egin behar da), baina izotza denean ematen duen goxotasuna ez da badaezpadakoa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila