Beroa giltzurruneko tumoreak suntsitzeko

Giltzurruneko tumore batzuk suntsitzeko, oso teknika baliagarria gertatzen ari da irrati-uhinen bidezko ablazioa. Tumorea deuseztatzeko, orratz eroale mehe-mehe bat sartzen da haraino eta, beroaren bidez, erre egiten da. Massachusetts-eko ospitalean hiru urte eta erdiz jarraipena egin diete tumoreak horrela erauzi zizkieten 34 gaixori eta oso emaitza onen berri eman dute Radiology aldizkariaren otsaileko zenbakian. Bat eta bederatzi zentimetro arteko 42 tumore suntsitu dituzte beroa erabiliz.

Teknikak oso emaitza onak izan ditu giltzurrun-azaleko tumoreekin, baina ez hain onak barrukoekin. Hala ere, ikertzaileak oso kontet daude, gaixo bati berari ere ez baitzaio tumorea berriz sortu. Ablazioa ebakuntzarik egiterik ez dagoen gaixoekin probatu da, giltzurruneko tumoreak, normalean, ebakuntza bidez sendatzen baitira.

Irrati-uhinen bidezko ablazioa aspaldian erabiltzen da bihotzeko arritmiak eta hezurretako tumore onbera mota bat tratatzeko, eta urte batzuk badira giltzurruneko eta gibeleko tumoreekin saioak egiten hasi zirela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila