Zientzia-aldizkariek sarritan jaso dituzte kritikak, zientzia-sistemaren ajeak hedatu eta betikotzeagatik, hala nola matxismoa eta klasismoa. Oraingoan, baina, kontrakoagatik merezi dute aipamena bi aldizkari zientifiko ezagunenek, Nature-k eta Science-k. Izan ere, berdintasunaren aldeko aldarrikapenak zabaldu zituzten editorialetan, batak genero-ikuspegitik, eta besteak alderdi sozialetik.
Genero-berdintasuna: mundu hobea lortzeko bidea da Nature-ren editorialaren izenburua. Hasieran, egileak gogorarazi du boterea generoen artean banatzea onuragarria dela osasunerako, pobreziari aurre egiteko eta ingurumenerako. Segidan, ordea, ohartarazi du mundua oso urruti dagoela genero-berdintasuna lortzetik. Bi adibide jarri ditu: hezkuntza-eskubideen urraketa Afganistanen, eta abortatzeko oztopoak AEBetan.
Nazio Batuen Erakundearen indizeak ere aztertu ditu Nature-k. Hain zuzen, uztailean bi indize berri ezarri zituen: WEI edo emakumeen ahalduntzearena, eta GGPI edo genero-parekotasun globalarena. Bietan emaitza ona duten herrialdeetan ez da bizi munduko emakume eta nesken %1 ere.
Horrez gain, NBEk 2030erako ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuetan ere jasota dago genero-berdintasuna. Zehazki, 5. helburua da, baina ia adierazle guztiek erakusten dute ezingo dela bete.
Horrekin guztiarekin lotuta, editorialgileak Ruth Mace aipatu du. Izan ere, Macek frogatu duenez, askok uste eta aldarrikatzen dutenaren kontra, patriarkatua ez da berezkoa, naturala. Horren erakusgarri da munduan ehunka giza taldek dituztela emakumeak zentroan. Talde horien gehien-gehienetan emakumea ez dago gizonaren gainetik (ez dira patriarkatuaren ifrentzua); aitzitik, botere-orekan oinarritzen dira. Onurak denentzat dira: emakumeek osasun hobea dute gizarte patriarkaletan baino, eta gizonek ez dute osasun okerragoa.
Halaber, emakumeek eta gazteek lideratutako herrialdeetan, emaitza hobeak dituzte Garapen Jasangarrirako Helburuen adierazleetan. Datu eta adibide gehiago ere eman ditu, baina, luzatu gabe, azken esaldian laburbildu daiteke ondorioa: «Ebidentzia zientifikoa gero eta sendoagoa da: boterea generoen artean banatzeak sortzen du guztiok behar dugun eta bizi nahi dugun mundua».
Begirada mundu zabaletik AEBetara eramanda, Science aldizkariak ekitatea berrikuntzan txertatzearen alde egin du, bere editorialean. Izan ere, hasieran nabarmendu duenez, teknologien onura soziala ez da berdin banatzen AEBetako gizartean. Landa eremuetako komunitateek, desgaitasunak dituzten pertsonek eta historikoki diskriminazioa jasan duten eta jasaten duten taldeek ez dituzte eskura izaten berrikuntzaren produktuak. Are gehiago, ez dituzte aintzat hartzen berrikuntza-prozesuaren inongo etapatan, eta, askotan, hutsuneek edo ondorio kaltegarriek jartzen dute agerian ekitatearen beharra.
Aldizkariak bi adibide aipatu ditu editorialean: C hepatitisaren tratamendu berria eta COVID-19aren testak, ekoizpena masiboa izan bada ere, garestiak baitira, eta, ondorioz, askorentzat ez dira eskuragarriak. Editorialgileak ohartarazi duenez, teknologiak bultzada handia izatea espero da, besteak beste, adimen artifizialak bultzatuta. Horrenbestez, ezinbestekotzat jotzen du hasieratik hartzea kontuan ekitatea, teknologia hobea garatzeko, eta denen onurarako izan dadin.
Elhuyarrek garatutako teknologia