Belarra mozteko makinarekin ordu batez aritzeak autoz 150 kilometroko bidaia egiteak beste poluitzen omen du. Hori da, behintzat, Suediako ikertzaile-talde batek egindako azterketaren emaitza. Baina makina horiek ez dira poluitzen duten bakarrak, izan ere, zerra mekanikoek eta motorra duten beste hainbat erremintak ere arazo bera baitute.
Horrelako makinek gasolinaz elikatutako motorra izaten dute eta, Estokolmoko Unibertsitateko Roger Westerholm-ek dioenez, gasolina erretzean hidrokarburo aromatiko poliziklikoak eratzen dira. Substantzia horietako batzuk oso arriskutsuak dira osasunerako, minbizia eragiten baitute. Isuriak murriztu eta arazoa konpontzeko, autoek izaten duten katalizatzailearen antzekoa ipintzea proposatu dute.