Belakiek itsasgarria erabiltzen dute

Galbahe fina hartu eta bertan itsas belakia estutuz gero, zelulak banandu egin daitezke, baina zatitxo horiek itsasoko uretan berriz ipiniz gero, hamabost minutu baino lehen denak makroorganismo bakarrean bilduko dira. Saiakuntza bera espezie desberdineko apurrak nahastuta egiten bada, berriz, espezie bakoitzeko apurrak pakete bereiztuak osatuz elkartzen dira, baina ez dira inoiz nahasian elkartzen. Horren arrazoia belakiek duten itsasgarria da. Itsasgarri horiek sakabanatuta dauden zelulak identifikatu eta biltzeko gauza dira. Glikonektina deitzen zaie eta azukrezko katea luzeak dituzte.

Belakiek proteina berezi batzuk (zelulako itsasgarriak) sortzen dituzte eta horiei esker sakabanatutako zelulak bil ditzakete.

Belaki-espezie bakoitzak bere glikonektina du zelulen gainazalean. Homofilia izeneko sistema primitiboaren bidez identifikatzen dira espezie bakoitzeko zelulak. Basilea-ko unibertsitateko Gradimir Misevic-ek dioenez, zelula-itsasgarri hauek aztertuta lehen defentsa-sistemetatik hasita gaur egungo gizakiak duenerainoko eboluzioa aztertu ahal izango da.

Izan ere, glikonektinen arrastoak aurkitu dira arratoiengan eta gizakiengan: minbizi-tumoreetan batez ere, beren garapeneko une jakin batzuetan. Ikertzaileek diotenez, zelulek masa homogeneoetan bildu aurretik gainazaleko proteinen bidez elkar ezagutzen dute. Ikertzaileek hemendik aurrera inmunizazio-sistema aztertzeari ekingo diote.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila