Karbono dioxidotik abiatuta, material sendo eta gogorra sortu dute Firenzeko bi ikertzailek. Material berri hori sortzeko, karbono dioxido solidotik edo izotz lehorretik abiatu dira, hots, tenperatura baxuan eta presio handian dagoen karbono dioxidotik.
Izotz lehorrari are presio handiagoa aplikatu diote, 40 eta 50 gigapascal arteko presioa, hain zuzen. Presio horretan, izotz lehorrak galdu egiten du CO2 egitura molekularra, eta karbonoak eta oxigenoak beiraren antzeko sarea osatzen dute.
Ikertzaileek uste dute material berri horrek bi aplikazio nagusi izango dituela. Alde batetik, planetak ikertzeko erabiliko da, Jupiterren gisako gasezko erraldoien barrualdea presio handian dagoen karbono dioxidoz osatuta baitago. Bestetik, material berriak sortzeko erabiliko da. Esate baterako, izotz lehor konprimitua silizearekin konbinatuz, beira sendo eta gogorrak lortzeko aukera egongo da.