Badirudi azken urteotan behi-izurriari aurre egiteko ahaleginek eman dutela beren fruitua. FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak esan du izurria deuseztatuta dagoela, eta iragarpen ofiziala 2011ko erdialdean egingo dutela. Historian zehar gaixotasun biriko larri bat ezereztea lortzen den bigarren aldia da --baztanga izan zen lehena, 1980an--.
Mendeetan zehar kalte larriak eragin ditu behi-izurriak Afrikan, Asian eta Europan. Etxeko animaliak zein animalia basatiak akabatu, eta, ondorioz, goseteak zein galera ekonomiko larriak ekarri ditu. 1994an, FAOk 2010erako izurria erabat deuseztatzea lortzeko kanpaina bat abiatu zuen, mundu osoko erakundeen elkarlana sustatuz. Gaitza azkenekoz 2001ean detektatu zen, Kenyako bufalo basatien artean.