Behi eroak eta gizenak

Behi eroen gaitzak Europa osoa asaldaturik duen bitartean, ia oharkabean pasa da behi aziendarekin zerikusi zuzena duen eta polemika maiz piztu duen beste kontua: hormonen erabilera. Jakina denez, behin baino gehiagotan salatu izan da txekorrak edo behiak gizenarazteko, hormonak erabili izan direla.

Hormonek gizentze-prozesua azkartu egiten dute eta beraz, merkaturatzeko garaian abantailatsu zaio ganaduzaleari. Gaur egun debekaturik dago erabat Europa osoan hormonak erabiltzea azienda gizenerazteko, baina maiz azaltzen dira klenbuterolarekin edo beste edozein hormonarekin loturiko kasuak.

Europako Batasuneko aditu-batzorde batek hormonen erabilera aztertu du azken urteotan eta duela gutxi plazaratu ditu behin-behineko emaitzak. Horien arabera, testosterona, progesterona eta estradiol hiru hormona naturalek eta zeranol eta trenbolona hormona artifizialek ez diote inolako kalterik eragiten giza osasunari eta beraz, azienda gizentzeko erabil daitezke arazorik gabe.

Nolanahi ere, guztiak ez dira iritzi berekoak. Ganaduzaleek kezkagarria deritzote baieztapen horri, bost hormona horien debekua altxatzeak gehiagoren sarbidea erraztuko duelakoan. Kontsumitzaileen artean ere, kezka nagusitzen ari da. Okelarekiko mesfidantza gainditu egin beharko da, baina hormonen erabilera baimentzearen aldeko ahotsek egoera gehiago korapilatzea baino ez dute eragingo.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila