Zientzialariek 30 urte daramatzate errotabirusen aurkako txerto eraginkorra lortu nahian. Birus horiek beherako larriak, eta, ondorioz, deshidratazioa eragiten dute; horren erruz milaka ume hiltzen dira urtean, batez ere garatze-bidean dauden herrialdeetan.
Orain arte atera diren txertoak ez dira oso eraginkorrak; horregatik, herrialde batean edo bestean bateren bat baimenduta dagoen arren, oro har ez dago baimendutako txertorik.
Orain, ordea, bi farmazia-etxe handik, GlaxoSmithKlinek (GSK) eta Merckek, txerto bana garatu dute, eta, haien esanean, emaitza benetan onak izaten ari dira. Ez omen dute albo-ondoriorik eragiten umeetan, eta errotabirus-aldaera askotatik babesten omen dute.
GSKrenak Rotarix izena du eta gaitzik sortzeko gai ez den errotabirus bat du. Merckenak, berriz, horrelako hainbat errotabirus biltzen ditu, batzuk gizakiei eragiten dietenak eta beste batzuk behienak. Rota Teq izena du, eta urte honen bukaerarako AEBetako kliniketan izatea espero dute.
Nolanahi ere, sendagile batzuek ez dute itxaropen gehiegirik. Izan ere, kasu larrienak garatze-bidean dauden herrialdeetan gertatzen dira, eta gaixo dauden umeak ahulduta egoten dira eta desnutrizioa izaten dute. Ikusi egin beharko litzateke zenbateko eragina duen txertoak ume horietan.