Behar al da euskarazko ikerkuntza?

Kantak dioenez “Arrainak ura eta euskarak bere unibertsitatea”, gure hizkuntzaren iraupenak pentsamendu eta teknikaren garapenarekin batera etorri behar du.

Unibertsitatean bi zeregin nagusi bereizi ohi dira: irakaskuntza eta ikerkuntza. Euskarazko irakaskuntzaren beharra onartu da gizarte-mailan eta zenbait pauso eman dira abian jartzeko. Pauso motelak, apika, baina bidean da. Aldiz, euskarazko ikerkuntzaren beharrik ez da sumatzen oraindik, eta oraindik paradoxa nabarmenak sortzen dira. Adibidez, unibertsitateko irakasle iraunkor izateko egungo irizpide nagusiak ikerkuntzarekin lotuta daudenak dira (tesia, argitarapenak, proiektuak,...), baina euskal lerroak sortzen direnean euskarazko irakaskuntza baino ez da ziurtatzen. Meritu handiena ikerkuntzan badago (?), arlo horri ere aparteko arreta eskaini beharko litzaioke euskal lerroetan.

Helburu hori lortzeko ikertzaile euskaltzaleok, nor bere kabuz edo lankidetzan, hainbat lan egin dezakegu: hizkuntza lantzea, mintegiak, argitarapenak, tesinak eta tesiak euskaraz burutzea. Ekintza horiek funtsezkoak dira. Hasieran lan horiek gogoz eta militantziaz egiten ez badira, jai du euskarazko ikerkuntzak. Baina diru-kostuak oso garestiak direla jakinda, honakoa esan dezakegu: ahalegin horiek guztiak ez direla inoiz gauzatuko goi-mailako politika eragilerik ez badago. Zer egiteko? Hiru lerro desberdin aipatuko ditut.

Lehenengoa, zientzi azpiegitura prestatzea: euskarazko aldizkariak, lan terminologikoak, zientzi mintegiak eta biltzarrak sendotu edo sortu egin behar dira, eztabaida eta komunikazioa euskaraz burutuko dituen zientzi komunitatea eraikitzeko. Bigarrena, ikertaldeak sortzea ezinbestekoa da. Egun ikerlana burutzeko unitatea taldea da; horrek ahalbideratzen baitu emaitzen kalitatea, disziplinartekotasuna, ikertzaile berrien heziketa eta jarraipena. Nazioarteko komunikazioak kenduta gainerako lanetan euskara ohizko komunikazio-tresnatzat erabiliko duten ikertaldeen hazia erein behar da. Eta hirugarrena, gaitzena baina garrantzitsuena: Euskal Herriko ikerkuntzaren lemari Euskal Herritik eutsi behar zaio; bai lehentasuneko ikerketa-gaiak zeintzuk diren definitzeko, bai ikertzaileek aurkeztutako proiektuak ebaluatzeko, eta ikertzaile-plazak esleitzeko.

Hortaz, funtsezkoa da bertako ebaluazio-agentzia antolatzea. Bestela, orain gertatzen den bezala, proiektuak Madrilgo agentzia “nazionalak” ebaluatzen dituenez praktikan proiektu guztiak erdaraz aurkeztu behar dira. Bestetik, zergatik ez sortu euskarazko irakaskuntza eta ikerkuntza lortzeko baliagarriagoa izan daitekeen beste irakasle-mota bat?

Erronka ikaragarri latza baina erakargarria da Euskal Unibertsitatea lortzea. Langile militanteak behar dira, eta erabaki politikoak ere bai. Aurrera bada! Bada garaia eta.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila