Begiko zelula amak hazteko teknika berria

Nafarroako Unibertsitate Klinikan, korneako zelula amak hazteko teknika berri bat garatu dute. Zelula horiek korneako zenbait gaitz tratatzeko erabiltzen dira.

(Argazkia: O. VoLk).

Kornea hainbat arrazoirengatik kalte daiteke: erredurak, kolpeak, infekzioak... Gaixotasun horiek kornea garden mantentzeaz arduratzen diren zelula amak kaltetzen dituzte. Ondorioz, kornea lausotu egiten da, eta ikusmena neurri batean edo guztiz galtzen da.

Teknika honekin, osasuntsu dagoen begi-zati bat hartu eta bertatik zelula amak erauzten dira. Haietatik ugaltzeko gaitasun handiena dutenak aukeratzen dira gero, eta gaixo dagoen begian ezarri. Horrela, kalitate hobeko zelula amak lortzen dira, eta, ondorioz, kaltetutako begiaren funtzioak azkarrago berreskuratzen dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila