Batata operazioa

Irudian argi ikus daitekeenez, berebiziko aldea dago tratatu gabeko eta bioteknologiaz trataturiko bataten artean. Ikerketaren hurrengo erronka antzeko izurriteak geraraziko dituzten teknologiak garatzea da.

Arikan, Hego Amerikan eta Asian batata-kontsumoa gero eta handiagoa da. Landare honen ezaugarriak, izan ere, oso egokiak dira klima-baldintza desberdinetara egokitzeko eta uzta ugariak emateko. Hori dela medio, garapen-bidean dauden herrietako biztanleen dieta orekatzeko oso baliogarria da batata eta landaketak ugaltzeko proiektuak sustatzen ari dira.

Gaur egun Txina da munduko batata-ekoizlerik handiena % 90 ingururekin. Produkzioa hedatu nahian, Txinako barietatea asko zabaldu da mundu osoan, baina arazo larri bat dute: landareari eraso egiten dion birusa agertu da ezustean eta sail ugari erabat hondatuta utzi ditu. Europako eta Txinako ikertzaile-talde batek duela urtebete inguru heldu zion arazo horri eta berriki jakin denez, emaitzak eman ditu jadanik eskualde batzuetan.

Bioteknologiaz baliaturik, landare osasuntsuak lortu dituzte jadanik Txinan eta produkzioa % 135 emendatzea lortu dute. Orain, batatari eraso egiten dion birusa isolatuta, ezaugarri bertsuak dituzten beste zenbait landare-espezie ere tratatu nahi dituzte, barietate egonkorragoak eta emankorragoak lortzearren.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila