Basamortuko berniz misteriotsua

Basamortuko berniz misteriotsua
2006/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: Kaliforniako Teknologia Institutua)

Basamortuetako hainbat arroka eta arroila bernizatuta daude. Berniz hori oso iraunkorra da; hori dela eta, bernizatutako arroketan antzina egindako marrazkiek gaur egunera arte iraun dute.

Zientzialariek uste zuten arroketan bizi ziren mikroorganismoek sortzen zutela berniza. Orain, ordea, beste azalpen bat eman dute Londresko Imperial College-ko mikropaleontologoek. Bereizmen handiko mikroskopio elektronikoz eta espektroskopiaz aztertu dute berniza, eta frogatu dute gehienbat silizez osatuta dagoela.

Silizea atmosferatik eroritakoa edo arrokatik bertatik iragazitakoa izan daiteke, eta, prozesu baten bidez, berniz bilakatzen da. Prozesu horretan, denborarekin, silizea gel-itxurako material batean deskonposatzen da, eta gero, berriz, gogortu egiten da.

Horrez gain, ikertzaileek ikusi dute bernizak iraganeko materia organikoaren arrastoak gordetzen dituela, hala nola aminoazidoak, DNA-zatiak... Eta klimaren bilakaeraren berri ere jakin daiteke berniza aztertuta. Berniza eratzeko prozesua benetan luzea denez, milioika urtetan izandako klima aztertzeko aukera ematen du.

Hala ere, beste zenbait zientzialarik ez dute baztertzen mikroorganismoek ere parte hartzea berniza sortzeko prozesuan. Izan ere, silizeaz gain, bernizean badaude bestelako elementuak ere, eta, haien ustez, horiek sortzeko ezinbestekoa da mikroorganismoen parte-hartzea.

1
224
2006
10
032
Geologia; Astronomia
Berriak labur
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila