Baliteke erantzun autoimmune bat izatea Astrazenecaren txertoaren ondorengoko gertakari tronbotikoen arrazoia

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

baliteke-erantzun-autoimmune-bat-izatea-astrazenec
Arg. Artxibokoa

Joan den apirilaren 9an Sendagaien Europako Agentziak (EMAk), Astrazenecaren txertoaren albo-ondorioei buruzko ikerketen behin behineko emaitzen berri ematean, adierazi zuen agian egon daitekeela erlazioren bat txertoaren eta ezohiko gertakari tronbotikoen artean. Gertakari horiek oso arraroak dira (6,5 kasu, Astrazenecaren dosi bat jaso duten milioi bat txertatuen artean), eta ez dute aurkitu haiek izateko arrisku-faktorerik. Hori bai, kasu guztiak 60 urteko pertsonetan izan dira (haietan eman da txertoa, nagusiki), eta emakumeetan, gizonetan baino bi aldiz gehiago. EMAk iradoki zuenez, errekazio autoimmune bat izan daiteke arrazoia, heparina botika antikoagulatzailearekin kasu arraro batzuetan gertatzen denaren antzekoa.

Hain justu, erlazio hori ikertu duten bi ikerketa-talderen emaitzak argitaratu ditu New England Journal Of Medicine aldizkariak. Bat Oslon egindakoa, bost kasurekin; eta bestea Alemanian eta Austrian, 11 kasurekin. Guztiak bat datoz EMAk iradokitako hipotesiarekin. Denetan, Astrazenecaren txertoa jaso eta egun batzuen buruan, tronboak izan zituzten zenbait tokitan (garunean, biriketan… ), eta, horrekin batera, odoleko plaketak gutxitu zitzaizkien (tronbozitopenia). Horixe bera gertatzen da heparinaren albo-ondorio arraro hori jasaten dutenetan.

Eta mekanismoa ere antzekoa da, ikerketen arabera. Nonbait, pertsona horietan, immunitate-sistemak erantzun desegokia dauka, eta antigorputzak sortzen ditu plaketen barruan eta azalean eta odol-hodien zeluletan dagoen proteina baten aurka (PF4). 

Oraindik ez dakite, dena den, txertoaren zein osagaik eragiten duen erantzun desegoki hori. Batzuen ustez, koronabirusaren S proteinaren informazio genetikoa daramaten adenobirusek eragingo lukete; beste batzuek, berriz, txertoak daraman DNA askeak eragiten duela susmatzen dute. Sputnik V eta Janssenen txertoek ere Astrazenecarenaren teknologia bera darabilte, beraz, litekeena da haiek ere horrelako albo-ondorioak izatea. Izatez, Janssenen txertoarekiko dagoeneko jakinarazi dituzte kasu batzuk.

Edozein modutara, ezohiko gertakari tronbotikoen sintoma adierazleak zehaztu ditu EMAk, eta, haiek antzemanez gero, zerbitzu medikoetara jotzeko aholkatu du. Hauek dira: arnasa hartzeko zailtasuna, bularreko mina, hanken hantura, sabeleko min iraunkorra, sintoma neurologikoak (hala nola, buruko min larriak eta iraunkorrak edo ikusmen lausoa), eta odol-orban txikiak larruazalaren azpian.

Horrez gain, ikertzaileek esan dute, albo-ondorio hori izanez gero, baduela tratamendua. Eta gertatzeko arriskua benetan txikia dela, eta txertoaren onurak eragin ditzakeen kalteak baino askoz ere handiagoak direla berretsi dute.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila