Ernari zegoen balea baten fosilak aurkitu ditu lehenengoz Michigango Unibertsitateko ikertzaile-talde batek Pakistanen. 48 milioi urte dituzte aztarnek, eta, zientzialariek uste dutenez, nahikoa zantzu aurkitu dituzte aztarnetan pentsatzeko espezie horretako animaliak lehorrean erditzen zirela.
Hain zuzen, ikusi dute umekia burua aurrerantz zuela zegoela, lehorrean erditzen diren ugaztunetan umekiek izan ohi duten posizioan, alegia. Uretako ugaztunetan, berriz, umeek buztana ateratzen dute lehenengo jaiotzean, itotzea saihesteko, nonbait.
Animaliok uretan nahiz lehorrean ibiltzen zirela egiatzat jotzen dute. Izan ere, lau hanka zituzten, hegats-itxurako oinak eta apatx txiki batzuk, lehorrean ibiltzeko aukera ematen zietenak. Dena den, aditu batzuek uste dute gehiegizkoa dela umekiaren posiziotik ondorioztatzea uretan edo lehorrean erditzen ote ziren.