Bakterioaren geneak labezomorroaren DNAn

Aspalditik zientzialariek uste zuten bakterioen geneak animalien kode genetikoan txerta daitezkeela; horri gene-transferentzia horizontala deitzen zaio, eta animalien DNAn dauden hainbat generen jatorria azaltzeko erabili izan da. Hala ere, inoiz ez zen teoria hori baieztatzeko zuzeneko frogarik jaso.

Orain, ordea, Wolbachia bakterioaren gene batzuk Callosobruchus chinensis labezomorroaren DNAn txertatu direla ikusi dute Tokioko Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Bakterio hori labezomorroaren eta beste intsektu batzuen bizkarroia da, eta haien zelulen barnean bizi da. Alabaina, bakterioak kutsatutako labezomorroak antibiotikoak hartuta ez zirela sendatzen ikusita, ikertzaileek gene-transferentzia gertatu zela susmatu zuten. Hala, labezomorroaren DNA aztertu zuten, eta bakterioaren 11 bat gene topatu zituzten haren kromosoman.

Emaitza horrek bidea ematen du gizakietan ere inoiz antzeko zerbait gertatu ote zen jakiteko, eta baita genetikoi eraldatutako elikagaien geneak hesteetan bizi diren bakterioetara pasa daitezkeen ala ez azaltzeko ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila