Bakterioak goiko atmosferan!

Lurretik 10 kilometrora jasotako airean bakterio asko topatu dituzte

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

bakterioak-goiko-atmosferan
Arg. Mattias CC-BY

Urakanak ikertzeko, NASAko zientzialariek airearen laginak hartzen dituzte, hegazkinak erabilita, eta 2010ean jasotako laginetan ezusteko bat aurkitu zuten. Bakterio asko zeuden 10 kilometrora jasotako aire horretan. Espero baino askoz gehiago. Jasotako partikulen % 20 bakterioak ziren. Guztira, 314 bakterio-mota aurkitu zituzten.

Ez dira asko ikertu airean bizi diren mikroorganismoen komunitateak, ez badira eraikinen barrualdekoak. Baina jakina da badirela airean bizi diren bakterioak, eta haizeek are gehiago aireratzen dituztela. Ekaitzetan eta urakanetan oso nabarmena da. Eta horixe da ikertzaileek aurkitu dutena; alegia, fenomeno meteorologiko horiek atmosferan gora bidaltzen dituztela bakterioak, eta 10 kilometrotik gora irits daitezkeela.

Hegazkinek airea jaso dute urakanak pasatu baino lehen, indarrean dauden bitartean eta gero ere bai. Urakanak ikertzen ari zirenez, Mexikoko Golkoaren gainean, Karibe Itsasoan, Ozeano Atlantikoan  eta Estatu Batuetan lehorreko eremuaren gainean hartu dituzte laginak. Eta aire hori guztia Georgia Institute of Technology zentroko mikrobiologoek aztertu dute.

Ikerketa honekin, goiko atmosferan dauden bakterio-populazioez gain, haiek meteorologian duten eragina aztertu nahi dute. Azken batean, airean dauden partikulek hodeien sorreran hartzen dute parte; haien gainazalean hasten da ura kondentsatzen, ur likido (edo solido) horren inguruan ur gehiago kondentsatzen da, eta abar, hodeia bera sortu arte. Partikulen parte-hartze horri nukleazio prozesua deitzen zaio. NASAko laginek frogatu dute, esate baterako, hauts-partikula gutxi dauden altuerara bakterioak irits daitezkeela, eta nukleazioa eragin dezaketela han, eta luzera hodeiak sortzen lagundu. Orain, eta batez ere NASAk jasotako airea aztertu ondoren, horixe ikertu nahi dute meteorologoek. Agian, bakterio txikien eragina hartu behar da kontuan urakan erraldoien sorreran.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila