Bakterioak airearen bidez ere komunikatzen dira

Bakterioek airearen bidez komunikatzeko gaitasuna dutela frogatu du Britainia Handiko zientzialari-talde batek. Esperimentuan, elkarren ondoan baina fisikoki banatuta zeuden E. coli bakterioen koloniak erabili zituzten.

Alde bateko koloniek antibiotiko batekiko erresistentzia zuten, eta besteek ez. Zientzialariak zur eta lur geratu ziren: erresistentziarik gabeko bakterio batzuk antibiotikodun medioan hazteko gai izan ziren.

Nola lortu zuten medio horretan hazteko erresistentzia? Aldameneko erresistentziadun kolonietatik lortzea beste modurik ez zuten bakterioek, eta haien artean komunikatzeko bide bakarra airea zen.

Beraz, zientzialariek bakterioek airearen bidez komunikatzeko gaitasuna dutela ondorioztatu dute. Hala ere, komunikazioa oso distantzia txikitan gertatzen dela zehaztu dute. Alabaina, oraindik ez dakite zein substantzia kimikoren bidez komunikatzen diren.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila