Bakterio eraikitzaileak

Kareharrizko eraikinak hondatu egiten dira pixkanaka, eguraldiak eta poluitzaileek erasota. Orain, Granadako Unibertsitateko mineralogo batzuek harria babes dezakeen bakterio egoki bat aurkitu dute, eta Alhambran egin behar dituzte probak.

Kareharria inguruaren eraginari oso sentikorra da, oso porotsua baita, eta, beraz, kanpotik etorritako substantziekin kontaktua izateko azalera handia baitu. Hori dela eta, harri-mota hori duten eraikinak beste batzuk baino azkarrago hondatzen dira. Arazo horri aurre egiteko, kaltzio karbonatoa (kaltzita) ekoizten duten bakterioak gehitzea proposatu izan dute zientzialariek, baina emaitzak ez dira onak izan; sortzen duten karbonatoak harriaren poroak estali besterik ez du egiten eta hezetasunari irteteko bidea oztopatzen dio.

Myxococcus xanthus bakterioak eratzen duen kaltzita, ordea, ondo itsatsita gelditzen da harri-koskorretan. Granadako mineralogoen arabera, bakterioak jatorrizko harriaren orientazio berari jarraitzen dio. Eraikinak berreskuratzeko aukera ematen du, beraz, bakterio horrek; horregatik, zientzialariek Alhambran egingo dituzte metodologia horren probak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila