Baieztatu dute klima-aldaketagatik suteak izateko probabilitatea handitu egin dela

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

baieztatu-dute-klima-aldaketagatik-suteak-izateko
2023ko ekainaren 28ko irudian, sute handi bat ageri da Kanadan Arg. Copernicus satelitearen irudia, Pierre Markusek prozesatua

Suteei buruzko 2023-2024ko txostenaren arabera, tarte horretan Kanadan eta Amazonian izan ziren suteak, aurrekaririk gabekoak izateaz gain, klima-aldaketaren ondorioz gertatu ziren, neurri handi batean. Erresuma Batuko zenbait unibertsitatek eta zentrok egin dute txostena, eta baso-suteen ondorioak ere jaso dituzte, hala nola 8,6 mila milioi tona karbono dioxido isuri zirela atmosferara, hau da, aurreko urteetako batez bestekoa baino % 17 gehiago. Eta kalteak ez ziren ingurumenekoak bakarrik izan; pertsonei ere larriki eragin zien: heriotzak, osasun-arazoak, bizimoduaren galera…

Txostenaren egileek zehaztu dutenez, suteak bereziki handiak izan ziren Kanadan, Amazonia mendebaldean eta Grezian. Leku horietan klima-aldaketagatik suteak izateko probabilitatea zenbat handitu den kalkulatu dute, eta ondorioztatu dute Grezian gutxienez bikoiztu egin zela probabilitate hori, Kanadan hirukoiztu, eta, azkenik, 20 aldiz handiagoa izan zela Amazonian. Berotegi-gasak isurtzen jarraituz gero, etorkizunean joera are okerragoa izango dela ohartarazi dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila