Science aldizkarian argitaratu denez, tximinoen inmunoeskasiaren birusa lehen aldiz detektatu da txinpantze basatietan. Hiesa tximinoetan sortu zela susmatzen bada ere, gaixotasuna zehatz-mehatz nondik datorren ez da oraindik argitu. 1999. urtean, sei txinpantze gatibuk (Pan troglodytes troglodytes) tximinoen inmunoeskasiaren birusa zutela atzeman zen, eta birus hura gizakiei erasotzen dienaren oso antzeko zela ikusi zen.
Geroztik milaka txinpantzeri egin zaizkie frogak, baina ez da kasu gehiago agertu. Horregatik, zalantzan jartzen da txinpantze horiek birusaren gordailu direla. Ikerketa haren egile berberek birusa txinpantze basatietan detektatu dute orain. 58 txinpantze aztertu dituzte eta kasu bakarra topatu dute, baina lehen kasu basatia izaki, berri garrantzitsua izan daiteke.