Azkar osatzen diren nobak

Noba bi izarrez osaturiko sistema da; izar arrunt gisa jaio, baina grabitate-indarrak elkarrekin bizitzera behartu dituen bi izarrek osatzen dute. Elkarbizitza zaila dute, gainera, batek besteari materia lapurtzen baitio etengabe. Baina lapurra biktima baino azkarrago zahartzen da eta, konturatzerako, nano zuri txiki eta beroa bilakatzen da.

Orduan, azken arnasaren kemenak lagunduta, are materia gehiago lapurtzeari ekiten dio, harik eta lehertzen den arte. Leherketa horri noba deritzo. Oso bortitza da, baina ez nano zuria erabat suntsitzeko modukoa, denborarekin, berriz ere gai baita bizikideari materia lapurtzen hasi eta dir-dir egiteko. Astronomoek ESAren XMM-Newton teleskopioari esker jakin dute nano zuriak azkar osatzen direla.

1998an halako leherketa bat gertatu zen V2487 Oph noban, eta, Kataluniako ikertzaileek egindako behaketaren arabera, 2,7 urte nahikoa izan dira egoera normalera itzultzeko. Nobak baliagarriak dira galaxiak zein urrun dauden jakiteko, intentsitate konstantearekin lehertzen baitira. Gainera, leherketa horietan zenbait elementu kimiko sortzen dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila