Orain arte ikusi den azidorik azidoena sintetizatu dute Kaliforniako laborategi batean. Karborano-azido bat da, eta formula H(CHB11Cl11) da.
Ideia bat izateko, azido sulfuriko kontzentratua baino milioi bat aldiz azidoagoa da, hau da, protoiak askatzeko milioi bat aldiz erraztasun handiagoa dauka. Baina azido hori ekoiztu duen ikertzaileetako batek, Christopher Reed-ek, azaldu duenez, hain azidoa izanagatik ez da korrosiboa. Normalean, korrosioa eragiten duena azidoak protoia galdu ondoren geratzen den ioia da: esate baterako, azido hidrofluorikoak protoi bat galdu ondoren, fluoruroa geratzen da, eta fluoruroak beiraren silizioari eraso egiten dio. Hori dela eta, gordetzeko oso zailak izaten dira superazidoak.
Baina karborano-azidoak, oro har, ez dira korrosiboak. Gakoa karborano-taldean dago: hamaika boro-atomo eta karbono-atomo bat ikosaedro eran —20 aldetako poliedroa— ordenatuta daude, eta oso egitura egonkorra osatzen dute. Eta, beraz, talde horrek ez du erreakzionatzeko joerarik.