TRIUMF laborategian, partikulen fisikan eta fisika nuklearrean aritzen den Kanadako laborategi nazionalean, bide bat bilatzen ari dira erreaktoreen beharrik izan gabe molibdeno-99 isotopoa ekoizteko. Medikuntza nuklearreko diagnosi-testen % 80tan erabiltzen da isotopo hori, eta, gaur egun, sortzen duten erreaktoreak zahartzen hasiak dira, eta segurtasun-arazoak izateko arriskua handitzen ari da. Erreaktore berriak sortu beharrean, Kanadako laborategian lortu nahi dute partikula-azeleragailu lineala erabilita oso-oso intentsitate handiko fotoi-izpiak sortzea, eta haiekin jotzea uranioa, molibdeno-99a sor dadin.