Euskarri disolbagarri berritzaile bat asmatu dute Sheffieldgo Unibertsitatean kaltetutako azala birsortzeko. Polimero berezi batzuk erabiliz sortu dute euskarri hori, eta, besteak beste, erredurak eta ultzerak tratatzeko balioko du.
Euskarri berria muselina paperaren antzekoa da, baina hark baino ehun aldiz zuntz finagoak ditu. Bestalde, euskarria erabiltzeko, bi fasetan egiten da lan. Lehenengo, gaixoaren azaleko zelulak biopsia bidez erauzi eta euskarrian jartzen dira. Zelulak beren kabuz itsasten dira euskarrira, eta han ugaldu egiten dira. Ondoren, euskarria zauriaren gainean ezartzen da, eta berez desegiten da sei edo zortzi aste pasatu eta gero. Bitarte horretan, biopsia bidez ugaldutako zelulek zauria sendatu egiten dute.