Azaleko minbiziaren zelulak bidaiari azkarrak dira

Azaleko minbiziak duen arazo nagusia metastasia da; izan ere, beste edozein minbizi-motaren metastasia baino azkarrago gertatzen da azaleko minbiziarena. Horren arrazoia aurkitu dute Estatu Batuetako MIT institutuko ikertzaile batzuek.

Gakoa gene bat da, zelulei mugikortasuna ematen dien
Slug genea, hain zuzen ere. Azken batean, metastasia minbizi-zelulak gorputzaren leku batetik bestera mugitzearen ondorioz gertatzen da; inguruko ehuna inbaditzen badute, odol- edo linfa-hodietara salto egin, gorputzean zehar bidaiatu eta beste ehun bat kolonizatzea lortzen badute, azken ehun horretan garatzen da minbizia. Beraz, bidaia zenbat eta errazago egin, orduan eta probabilitate handiagoa dago metastasia gertatzeko. Eta zientzialariek aurkitu dute Slug gene hori aktibatuta duten zelulak erraz mugitzen direla toki batetik bestera.

Slug genea enbrioien zelula-multzo batean egoten da aktibatuta, eta, hala, garatzeko unean, zelula espezializatuak behar duten tokira joan daitezke.
Gero, desaktibatu egiten dira. Minbizi-mota gehienetan, luze irauten du gene horrek desaktibatuta, baina, azaleko minbiziaren kasuan, segituan aktibatzen da. Zientzialarien ustez, hori gertatzen da azalean dauden melanozito zelulak eta enbrioietan Slug genea aktibatuta dutenak antzekoak direlako. Horren ondorioa da, beraz, azaleko minbizian oso azkar gertatzea metastasia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila